NAFARROA BAI AURRERA (eus)

Zalaparta handia dabil NaBairen inguruan. Eta zalaparta horrek ez digu entzuten uzten, behar genukeen gisan, NaBairen aldeko apustua egin zutenen ilusioa, 80.000 nafarrek nahi izan baitzuten bultzatu herrialde honek behar duen aldaketa pluralista. Halako ilusioa du Nafarroa alternatiboak, Nafarroa zibikoak, Nafarroa aurrerakoiak. Inkestek horixe baieztatzen dute behin eta berriz, kanpotik etortzen zaizkigun eraso gupidagabeengatik ere eta, aitortu beharko, gure barne tirabiren exhibizio lotsagabeagatik ere.

Nafarroa Bai mugimendu plurala dugu. Hartara, kultura politiko desberdinak bildu dira (euskalherrizaleak eta abertzaleak, aurrerakoiak eta ezkerrekoak), baita politikan parte hartzeko modu desberdinak ere (alderdi politikoetako militanteak diren nabaizaleak eta nabaizale afiliatu gabeak). Sorrerako proiektu bat du, ponentziak eta programak ere bai, nabaizaleen arteko eztabaidan mamituak, beste ezkerrarekin Nafarroan dagoen gehiengo sozial aurrerakoia eratzeko helburuarekin.

Bilbe horretatik abiatuta baizik ez du Nafarroak bestelako gobernu bat izanen, hau da, pluraltasuna eta desberdintasunak onarturik eta guztiendako proiektua finkaturik. Hori nabaizale gehienok dakigu, baita gure aurkari politikoek ere. Gainerako guztiak halako alderdi bati edo beste bati xede partzialak erdiesteko balioko dio, baina nahi dugun Aldaketa ezinezkoa izanen da.

Askotarikoak gara. Uko egiten diogu frentismoari. Pluralak gara. Eta hori guztia gure indarraren zati bat da. Berezkoa da desadostasunak sortzea. Hori ez da arazoa. Horiei heltzeko modua da arazoa. Eta Koalizioaren barnetik zalaparta handiegia ailegatzen da karrikara, “politika egiteko beste modu batekin” ilusionatu ginen milaka nabaizalerendako jasan ezina.

Zalapartatik harata, NaBairen barnean habia egin duten arriskuez ohartarazteko agertzen gara gaur, nabazaile garen aldetik, arrisku horiek hondoratzeko kinkan jartzen ari baitira koalizioa bera. Zertaz ari garen? Badira, kanpotik, NaBaiko kideak erakartzeko eta limurtzeko saioak egiten dituztenak. Badira kalkulu elektoral hutsezko ikusmirak. Bada hegemonia baztertzaileak sortzeko tentazioa. Bada NaBai “indar soberanistak metatzeko” espazioa bilakatzeko nahikeria murriztaile bat ere bai, haren nortasun-zeinua eta bertute handiena, hain zuzen ere, Nafarroako euskalherrizaletasun eta aurrerakoitasunaren esparrurik zabalenari irekia izatea izan delarik. Eta bada, azkenik, haren oinarri sozial aktiboenaren zati bat biktimismo eta derrotismo elkorrean bertan goxo egiten ari dena. Horrek guztiak beldurra ematen digu eta horren guztiaren aitzinean erreakzionatu behar dugu. Horregatik, hau adierazten dugu:

  1. Gaur, inoiz baino ozenago berretsi nahi dugu benetan asmatu zela Nafarroa Bai eratuta; alegia, premiazkoa zela halako plataforma politiko bat eratzea, ahalmena duena errealitate desberdinak elkar biltzeko, desberdinen arteko elkarbizitzan eta lankidetzan eta kontrako iritzia duenarekiko begirunean; ahalmena, orobat,, Nafarroako aldaketa politikoa gauzatzeko eta bigarren trantsizio baterantz joateko, politika egiteko beste modu baten alde elkarrekin borrokatuz. Printzipio horiek eman zioten sorrera NaBairi, eta haren ibilbidea berorietan oinarriturik egin du. Horiek guztiak indarrean daudela aldarrikatu nahi dugu.
  2. Aitortzen eta eskertzen dugu alderdiek eta haien afiliatuek duten eginkizun funtsezkoa. Alabaina, azpimarratu nahi dugu badaudela bestelako errealitate, espazio eta jokamoldeak, eta horiek kontuan hartu behar liratekeela antolakuntzan. Badira politikan egoteko eta aritzeko modu berriak, gaur egungo munduan txertatuagoak, eta Nafarroa Bai plataforma egokiena da horiek probatzeko.
  3. 3. Aitortzen dugu ezker abertzale legez kanporatuak eskubidea duela “indar soberanisten metatze prozesua” zuzentzeko eta horren bitartez berriz ere eratzeko. Gure iritziz, ordea, haren espazio politikoa eta NaBairena ez dira bat. Alderdi nabaizaleek argi izan behar dute ez dela posible bi espazio politikotan batera egotea. Eskuinak eta polo horren bultzatzaileek beharrezkoa dute bi espazio horiek nahastea, ez beste inork, NaBairen sorrerako proiektua desagertzeko aldez aurreko urratsa baita haiendako.
  4. Azken aldian desadostasunak hain modu zaratatsuan agerian jarri badira ere, ez dugu desberdintasun ideologikorik ikusten euskalherrizaletasunak eta ezkerrak Nafarroan izan duen tresnarik hoberena desagerrarazteko arrazoi izan daitezkeenik. Horregatik, dudarik ez dugu Nafarroa Bairen oinarri sozialak ez lukeela ulertuko ez barkatuko inolako jarduketarik eta inolako erabakirik edozein aitzakia dela-eta koalizioa arriskuan jartzen badu edo baztertu nahi badu hartan eta haren alde lan egiteko prest dagoen jendea.
  5. Denbora azkar doa eta premia da tirabirak eta zalapartak alde batera uztea; premia, liskarrak eta irainak ahanztea eta gure ahaleginak bideratzea antolakuntza eraginkor bat eraikitzen eta, sorrerako proiektuan erroturik, denei eroso egoteko aukera emanen digun oinarri ideologiko eta programatikoak garatzen. Eztabaida eta Topaketa berri batzuk parada polita izan litezke horretarako. Nabaizale guztiek eskertuko dugu, eta herritarrek sarituko.

NAFARROA BAI AURRERA!

Sinadurak:

Manifestuarekin bat egiteko: aurreranafarroabai@gmail.com

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: